2011/12/12

EHEtik 20 elkarretaratze deitu dituzte abenduaren 15ean, Irunberrin 19:30tan


'Ley del Vascuence' delakoak abenduaren 15ean 25 urte beteko dituela salatzeko, EHEtik 20 elkarretaratze deitu ditugu. Euskaraz bizi nahi dugulako, hizkuntza politika burujabea! lelopean Nafarroa Garaian zehar eginen diren mobilizazioen bitartez, bizi garen lur eremuaren arabera euskaldunon hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legea eta bere atzean den Nafar Gobernuaren hizkuntza politika menderatzailea salatu nahi ditugu. Horrekin batera, noski, euskaldunok bertatik bertara eta kanpo esku hartzerik gabe erabaki beharreko hizkuntza politika burujabea aldarrikatuko dugu. Aipatu leloak eta mobilizazioek Nafarroa Garaia zeharkatuko dute, Lesakatik Tuterara, Altsasutik Otsagabiara, Lizarra, Irunberri, Leitza, Tafalla, Lakuntza eta besteren artetik igarota.

Elkarretaratze hauekin iragan azaroaren 10ean abiatu dinamikari txapela jarri nahi dio EHEk. Nafar Parlamentuaren parean egindako elkarretaratzearekin hasitakoari azaroaren 24an Euskarabidearen egoitzan aurrera eramandako ekimenak eman zion segida. Abenduaren 15ean aldiz, Nafarroa Garai osoko euskaldun eta euskaltzaleei luzatu nahi diegu deia EHEk deitu elkarretaratzeetara bildu daitezen; euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman diezaioten, lege zatikatzailearen gibelean den hizkuntza politika erasokor eta asimilatzaileari ezetz esan eta Nafar Gobernuari mezu garbia helarazi diezaioten: Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu eta Vascuencearen legeak eta atzean duen guztiak ez digu horretarako bide ematen. Hemen gaude!

Hainbatetan esan dugu EHEtik mende laurdena betetzear den legeak ekarri duela zonifikazioaren bitartez Nafarroa Garaiko euskaldunon eskubideen zatikatzea; lege hau dela euskararen normalizazioa erdiestea baino berau ekiditea helburu duena; araudi hau dela bertako euskalgintza ekonomikoki itotzea bilatzen duena; aipatu legea izan dela Nafar Gobernuaren hizkuntza politika etnozida aplikatzeko tresna nagusia; “Ley del Vascuence” delakoa dela, finean, euskara eta euskaldunok norbere herrian enegarren mailara baztertuak izatera kondenatzen gaituen zapalkuntza eta asimilazio tresna.


Ekialdeko elkarretaratzeak:

IRUNBERRI
UDALETXE AURREAN  19:30

AGOITZ
UDALETXE AURREAN   19:30

OTSAGABIA
URRUTIA KARRIKAN      19:00

 

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 30 urte bete zituen 2009ko azaroaren 4an. EHEko 30. urteurreneko dokumentala Izan Egin Eragin